XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ATLETISMOAREN HISTORIA

LASTERKETAK

AITZINDARI HISTORIKOAK

Lasterketak izan ditugu, kultura ezberdinetan eta kasik betidanik, gizakiak neurtzeko proba nagusienetarikoak. Greziar garaia heldu aurretik, badakigu Kretako korrikalariak beraien irlako mendi-tontorretara igoz entrenatzen zirela. Odiseako abestietan ere aipatzen da, nola Ulisesek garaitu zituen herri bateko kirolaririk onenak borrokan, pisu-jaurtiketan etb. Baina ez zen gai izan lasterkariei irabazteko eta hauek barre egiten zuten Ulisesen gorputz indartsuaren kontura.

SORRERA

Antzinako greziar Joko Olinpikoei buruz daukagun lehenengo datua, K.a. 776. urtekoa da; eta bertan Koroivos izan genuen abiadurako proban bizkorrena. Joko hauetan hondar gainean eta biluzik korritzen zuten kirolariek. Irteeretan, marmolezko blokeen arteko arrakalatan hatzak sartuz baliatzen omen ziren eta estadioaren bukaeran (192 m) poste baten inguruan ematen zuten bira. Abiadurako proba, 400 metrokoa eta 24 estadiokoak (500 m) ospatzen ziren: abiadurako probaren irabazlearen izena jartzen zitzaien hurrengo olinpiadei.

Emakumezkoak debekaturik zeuden, bai parte-hartzaile eta baita ikusle bezala ere, Demeter Jainkosaren emakumezko apaiza izan ezik. Orokorrean gazte aberatsak eta gorpuzkera indartsukoak izan ohi ziren partehartzaile; iraupeneko lasterketetan salbu, hemen hiri batetik bestera zebiltzan mezulari langileak ziren korrikalari: K.a. 490. urtean Maratoi hiritik mezua ekarri zuena, adibidez.

EBOLUZIOA

1896. urtean ospatu ziren Atenasen Garai Modernoko lehen JJOO. Greziar jokoetako probak mantendu ziren ahal den neurrian, baina garai berrietara egokiturik. Halere Pierre de Coubertinen bultzada zela eta, proba berri bat gehitu zen: Antzinako guda-zelai bat zenetik, estadioraino luzatu zen lasterketa. Soldaduek eta artzaiek hartu zuten parte 42 km hauetan. Maratoiaren lehenengo irabazlea: Spiridon Loues.

FUTBOLAREN HISTORIA

AURREKARI HISTORIKOAK

Zaila da pilota jokoak hankaz noiztik praktikatzen diren jakitea. Antzinako joko hauek erritualak ziren, musika eta dantzaz eginak. Halaxe zen Ozeania, Laponia edo Arabian, besteak beste. Maien zibilizazioan galtzaileak ala irabazleak, ez dakigu ziur, Jainkoari opari gisa sakrifikatuak izaten ziren.

Era berean, Espartan episkiros izeneko pilota jokoak gerla prestatzeko balio zuen. Atenas eta Erroman ere, izkribuen arabera, pilota jokoak aisialdia betetzeko edota osasuna hobetzeko ziren. Erromako legioek harpastum izeneko jokoa Europako leku guztietara zabaldu zuten. Honetan kolpeak eta ostikadak nagusi ziren.

Txinako Iparraldean negu minetan oinak berotzeko jolas bat asmatu zuten, non eskuak erabiltzea debekatu zegoen.

Txinatar jolasak hobetuz, Japonian X. mendean kemari jolasa zegoen. Lau arbolak (zumea, gerezia, pinua eta astigarrak) mugatutako ertzetan bina jokalari kokatuta, elkarri larruzko baloia pasatzen zioten, bakoitzak hiru kolpe emanez. Helburua baloia airean mantentzea zen. Zortzi jokalariek zetazko kimonoak janzten zituzten. Oso trebeak ziren, 1208. urteko inskripzio batek egiaztatzen duenez, 2.000 kolpe ematera iritsi baitziren.